Estatutoak

2020ko otsailaren 16an egindako Ezohiko Batzarrean onartuak.

IZENA ETA EGOITZA SOZIALA

1. artikulua

“SAN FELIPE, ELKARLAGUNTZAKO ELKARTEA” entitatea, aseguru-jarduerarik gabeko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea BGAE) bereizi gabea – Entidad de previsión social voluntaria (EPSV) Indiferenciada sin actividad aseguradora- Arrasaten sortu zen 1898ko apirilaren 13an, eta Estatutu hauetan jasotzen diren arauei eta indarreko legezko xedapenei jarraitzen die.

SFE Euskadiko BGAE Erregistroan 37-G zenbakiarekin izena emana du eta honako helbide hau du: Alfonso X Jakintsua, 3. behea, 20500 Arrasate-Mondragon. IFK: V-20054243.

Batzar Orokorrak egoitza soziala lekuz aldatzeko ahalmena izango du; hala, Batzar Orokorrak baimena emango dio Gobernu Batzordeari egoitza soziala Arrasateko udalerri barruan lekuz aldatzeko, eta lekualdaketa egin osteko lehen Batzar Orokorrean onartuko da.

2. artikulua

Erakundearen izena hauxe da: “SAN FELIPE, ELKARLAGUNTZAKO ELKARTEA”, aseguru-jarduerarik gabeko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea (BGAE) bereizi gabea – Entidad de previsión social voluntaria (EPSV) Indiferenciada sin actividad aseguradora-

NORTASUN ETA GAITASUN JURIDIKOA

3. artikulua

Erakundeak, nortasun juridikoaz gain, gaitasun osoa dauka bai ondasunak erosi, eduki, zergapetu eta besterentzeko, bai lortu nahi dituen helburuekin lotuta dauden orotariko egintza eta kontratuak egiteko; era berean, egokitzat jotzen diren prozedurak sustatu ahal izango ditu, eta dagozkion eskubideak eta akzioak gauzatu Justizia Auzitegien eta Administrazio Publikoaren Erakunde eta Bulegoen aurrean; baita era guztietako pertsona fisikoen nahiz juridikoen aurrean ere.

XEDEA

4. artikulua

Entitatearen xedea da, elkarrekiko laguntza gisa, ehorzketa eta lekualdaketa-gastuak ordaintzea, kontratuz kanpoko harremana duen SFEko bazkideak hilez gero, eta senideei prestazio ekonomiko bat ematea, Estatutu hauetan ezarritakoaren arabera. SFEk ez du aseguru-jarduerarik egiten, ez ditu Estatutu hauetan jasotako prestazioak bermatzen eta kontingentzien estaldurari erantzungo dio, baldin eta Entitatean baliabide nahikoak badaude.

IRAUPENA

5. artikulua

Erakundearen iraupena mugagabea da, eta hala izango da Legearen arabera edo Estatutu hauetan adierazitako arrazoiren bat dela-eta erakundea desegitea egoki ikusten ez den bitartean.

LURRALDE EREMUA

6. artikulua

Bazkide berriak sartzeko eremua Debagoieneko Mankomunitatea eta Aramaio izango da; edozein kasutan, Euskal Autonomia Erkidegora mugatzen da, batez ere; hala ere, hainbat arrazoi direla medio, zerbitzua bere mugetatik harago eman ahal izango da.

ERREKLAMAZIOAK

7. artikulua

Estatutu hauetan bazkideei legez aitortzen zaizkien eskubideekin eta interesekin lotutako erreklamazioak idatziz aurkeztu beharko dira Erakundearen bulegoetan, paperezko euskarrian nahiz Gobernu Batzordeari zuzendutako posta elektroniko bidez, non demandatzailearen, Bazkide Titularraren datu pertsonalak eta erreklamazioaren arrazoia jasoko diren.

Gobernu Batzordeak bi hilabeteko epea izango du, erreklamazioa aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, erreklamazioan planteatutako eskaerari buruzko erabaki arrazoitu bat emateko. Erabaki horren aurka helegitea aurkeztu ahal izango da Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen gaian eskuduna den Eusko Jaurlaritzako Sailean, edo justizia auzitegi eta epaitegietan.

BAZKIDE MOTAK

8. artikulua

Bi motatako bazkideak egon daitezke: bazkide babesleak eta bazkide osoak.

Babesletzat jotzen dira SFEtik zuzeneko etekinik atera ez, baina modu batera edo bestera Entitatea mantendu eta garatzen laguntzen dutenak.

Bazkide oso guztiek eskubide bera izango dute prestazioen gainean; horrek ez du esan nahi, ordea, egiten dituzten ekarpenek eta jasotzen dituzten onurek ez dutenik beren zirkunstantzia pertsonalekin erlaziorik izango.

9. artikulua

Bazkide osoen artean, ondorio administratiboetarako, mota hauek bereizten dira:

  • Titularrak banku-kontu bakarra duen familia-talde bateko buru agerikoak izango dira, eta Estatutu hauetan beren familia-taldeko kide guztien ordezkari gisa finkatutako eskubide eta betebehar sozialak izango dituzte.
  • Titular bati lotutako onuradunak. Bi motatakoak izan daitezke:
  • Titularkideak
  • Onuradunak

Bazkide Titulartzat hartuko dira beren betebehar sozialak egunean dituzten adinez nagusiak. Bazkide Titular bat bere familia-talde bereko titularkide batekin trukatuko da, nahi duen guztietan, eta SFEren bulegoan dagokion erregistroa aldatzeko eskatu beharko du, besterik gabe, edo Gobernu Batzordeak hala eskatuta, ordezkaritza- eta/edo genero-arrazoiengatik.

Bazkide Onuradun Titularkidetzat (aurrerantzean, Titularkidea) hartuko dira adinez nagusi direnak, baldin eta dagokien titularrak egunean baditu bere betebehar sozialak.

Titular edo titular baten izatezko edo zuzenbidezko seme-alabak Bazkide Onuraduntzat hartuko dira, baldin eta dagokion titularrak egunean baditu bere betebehar sozialak.

ERAKUNDEAN SARTZEKO BALDINTZAK

10. artikulua

Erakundean Bazkide Titular edo Titularkide gisa sartzeko, ezinbestekoa da adinez nagusia izatea, EAEn bizitzea eta osasunez bikain ibiltzea; hori guztia behar den moduan egiaztatu beharko da, Erakundeak hala egiteko eskatuz gero.

Azken finean, Gobernu Batzordeak izango du, kasu bakoitzean, edozein motatako bazkideak onartzeko ala ez onartzeko ahalmena.

Bazkide izateko, izangaia, baldin eta Gobernu Batzordeak onarpena ukatzen ez badu, urteko kuota ordaindu beharko du, onarpen-datan hainbanatuta, bai eta bere adinerako ezarritako sarrera-kuota ere.

Batzar Orokorrak urtero onartuko ditu sartu berrientzako sarrera kuotak.

11. artikulua

Gobernu Batzordeak eskubidea izango du Erakundean sartu nahi duen eskatzaileari Gobernu Batzordeak izendatutako mediku baten txosten medikoa eskatzeko, izan SFEn alta emateko unean, izan heriotza gaixotasun baten ondorioz gertatu ondoren, hala badagokio, egiaztatzeko bazkideak Erakundean sartu ondoren hartu zuela gaixotasuna.

Sartzeko eskaera egiterakoan bazkideak heriotzaren eta gaixotasun eragilearen berri bazeukala jakingo balitz, orduan eskaera iruzurtzat joko litzateke, eta, honenbestez, ez luke izango ez laguntzarik ez prestazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik; era berean, ordaindutako kuotak bueltatu egingo lirateke.

12. artikulua

Sartzeko eskaera idatziz egin beharko da, Titularrak sinatuta eta horretarako emango zaion inprimakia beteta.

13. artikulua

Bazkide Titular baten Titularkide edo Onuradun batek Bazkide Titularraren ohiko bizilekua ez denean, Bazkide Titularrak bere egoera berria jakinarazi beharko dio SFEri, erakundearen aurrean egoera hori erregularizatzeko.

14. artikulua

Era berean, Bazkide Titularra hiltzen denean, adinez zaharrena den Titularkideak Bazkide Titular gisa jarraituko du Erakundean, eta Bazkide Onuradunek, halakorik balego, onuradun gisa segituko dute.

Titularkiderik ez balego, Onuradun zaharrenak Bazkide Titular izaera hartuko luke, bazkidearen zenbaki berberari eutsiz. Une horretan pertsona hori 18 urtetik beherakoa bada, Gobernu Batzordea bere legezko tutoreengana zuzenduko da egoera erregularizatzeko.

BAJAK

15. artikulua

Bazkide orok bere borondatez utzi ahal izango dio Erakundeko kide izateari, betiere adinez nagusia bada eta idatziz adierazten badu. Ondorioz, Titularrak bere familia-taldeko adin nagusiko edozein kideren baja eskatu ahal izango du, baldin eta kide horrek idatziz adierazten badu.

Urteko kuota ordaindu eta estatutu hauetan jasotako gainerako betebeharrak betetzen badituzte, prestazioa jasotzeko eskubidea hurrengo abenduaren 31ra arte mantenduko dute, eta une horretatik aurrera eskubide eta betebehar guztiak kenduko zaizkie.

BERRIZ HARTZEA

16. artikulua

Eskaera egin duen pertsonak bazkide gisa baja hartu eta urtebetera arte onartu ahal izango da berrartzea, eta sarrera-kuota ordaindu beharko du, bajaren datatik zenbatzen hasita, epe hori gainditzen badu.

BAZKIDE TITULARREN BETEBEHARRAK

17. artikulua

Bazkide Titularrek beren familia-taldeari dagozkion kuotak ordaindu beharko dituzte, azken Batzar Nagusian erabakitakoak, kopuru eta epe jakin batean.

Urteko kuotak ordainketa bakarrean ordainduko dira, eta banku-helbideratzearen bidez bakarrik. Kobratzeko agindua eman ondoren, aurkezten diren itzulketak errekargurik gabe kudeatuko dira, baldin eta jaulkipen-datatik hilabete baino lehen ordaintzen badira. Geroagoko ordainketek errekargua izango dute, urteko kuota osoa jaulkipen-datarekiko atzerapen-hilabeteekiko hainbanatuta. Behin eta berriz ohartarazita urteko kuota ordaintzen ez bada, hutsegite larritzat joko da eta, 31. artikuluan jasotzen den bezala, Entitatetik behin betiko bereiztea ekar dezake (32. artikulua).

Bazkide oso guztiek urteko kuota murriztua izango dute 40 urte bete arte. Bazkide Titularrek eta Titularkideek hurrengo urtearen hasieratik ordainduko dute urteko kuota osoa. Bazkide Onuradunek urteko kuota murriztua ordainduko dute 40 urte betetzen dituzten urtera arte, eta hurrengo urtearen hasieran urteko kuota osoaren Bazkide Titular edoTitularkide bihurtu beharko dira, Estatutu hauetan jasotzen diren prestazioak jasotzen jarraitzeko.

40 urte betetakoan, Onuradunek prestazioen gaineko eskubideak izango dituzte, baldin eta titularrak, urteko kuota onuradun gisa ordaintzeaz gain, onuradunaren datuak idatziz eguneratzen baditu; horrela, hurrengo urtearen hasieran, familia talde berri bateko Bazkide Titular edo titularkide bihur daitezke. 40 urte igaro eta datuak eguneratu ez badira, SFEk ez du inolako erantzukizunik izango.

Bazkide Titular edo titularkide baten izatezko seme-alabek Estatutu hauetan jasotako prestazioak estalirik izango dituzte jaiotzen direnetik 2 hilabete bete arte. Epe hori igaro ondoren, onuradun izateko, titularrak onarpena tramitatu beharko du. Gobernu Batzordeak onarpena ukatzen ez badu, dagokion urteko kuota ordainduta formalizatuko da, jaioteguna urte horretan hainbanatu ondoren. Heriotza lehenengo bi hilabeteen ondoren gertatuz gero, aurreko izapideak egin gabe, SFEk ez du inolako erantzukizunik izango.

Izatezko seme-alabak Bazkide Onuradun batenak izanez gero, Estatutu hauetan jasotako prestazioak estaliak izango dituzte jaiotzen direnetik 2 hilabete bete arte. Epe hori iraganik, jaioberria Onuradun izateko, beharrezkoa izango da gurasoetako bat bazkide Titular bihurtzea, edo bazkide Titular gisa onartzeko eskatzea, bere familia elkartuarekin, eta, Gobernu Batzordeak onarpena ukatzen ez badu, talde horretako kideen urteko kuotak ordainduta formalizatuko da, urteko jaiotza-datarekin hainbanatuta. Heriotza lehenengo bi hilabeteen ondoren gertatuz gero, aurreko izapideak egin gabe, SFEk ez du inolako erantzukizunik izango.

Dagokion Titularrak idatziz eskatuz gero, Gobernu Batzordeak aurreko irizpideak salbuetsi ahal izango ditu familia taldea osatzeko orduan.

Kuotetan edozein aldaketa egitekotan, aldaketa hori indarrean sartu aurretik Batzar Orokorrak onartu beharko du.

18. artikulua

Estatutu hauetan xedatutakoaren arabera, titular edo titularkide bihurtzen diren onuradunek 40 urte bete eta hurrengo urtearen hasieratik aurrera ordainduko dute urteko kuota osoa.

19. artikulua

Era guztietako Bazkide guztiek bete beharko dituzte Entitatearen gobernu organoek balioz hartutako erabakiak.

20. artikulua

Bazkide Titularrak behartuta daude Gobernu Batzordearen proposamenez Batzar Orokorrak izendatzen dituen karguak onartzera. Gutxienez, bi urtez luzatuko den lehen aldi bat egongo da, eta segidako beste batzuk, aurreko kargu-uztetik 20 urte igarota. Gobernu Batzordearen irizpidearen arabera behin eta berriz eta arrazoirik gabe uko egiteak zehapena ekar dezake, 31. artikuluan jasotako zehapen araubidearen arabera.

21. artikulua

Erakundean sartzeko eskaera ereduan, Bazkide Titular izateko aurkeztu denak Titularkide edota Onuradun diren familiartekoak zerrendatuko ditu, nahi badu, Estatutu hauetan xedatutakoaren arabera.

22. artikulua

Era berean, Bazkide Titularrek derrigorrez jakinarazi beharko diote Gobernu Batzordeari, idatziz, familian gerta litekeen edozein aldaketa, hala nola helbide-aldaketak, banku-helbideratzea, telefonoa, helbide elektronikoa, etab.

23. artikulua

Edozein arrazoi dela-eta Bazkide Titularkidearen eta/edo Onuradunen izendapena aldatu nahi izanez gero, idatziz eskatu beharko da.

BAZKIDE GUZTIENTZAKO PRESTAZIO MUTUALIZATUAK ETA HORIEK GAUZATZEKO MODUA

24. artikulua

Bazkide baten heriotza gertatzen denean eta entitateak behar adina diru badu, SFE behartua dago gastu hauek ordaintzera:

a) Heriotza estatuak hartzen duen lurraldean gertatzen bada:

  • Gorpua heriotza gertatu den lekutik hildakoaren bizileku edo errolda-lekuraino.
  • Hilkutxa, modelo estandarra.
  • Hileta-ekitaldia egiten den herrian eskelak jartzea.
  • Hildakoa jantzi.
  • Hileta-ibilgailua, beilatokira, hileta-ekitaldira eta errausketa-gelara edo tokiko edo hurbilen dagoen hilerrira eramateko, 35 km-raino.
  • Epaitegiko kudeaketak.
  • Heriotzaren mediku-ziurtagiria.
  • Tanatorioa, aukeran, Batzar Orokorrak zehaztutako zenbatekoaren mugaraino.
  • Errausketa-labea aukeran, Batzar Orokorrak zehaztutako zenbatekoaren mugaraino

b) Heriotza atzerrian gertatzen bada, aurrez gastuen fakturak justifikatu ondoren, Batzorde Orokorrak urtero zehazten duen kopuruaren mugaraino, ehorzketa gastuak konpentsatzeko.

Eta, gainera, prestazio ekonomiko bat heriotza bakoitzeko, Batzar Nagusiak urtero finkatuko duen, eta zenbatekoa murriztu egingo dela Tanatorioarentzat eta/edo Errausketa-gelarentzat finkatutako mugen zenbatekoekin, aukerako zerbitzu horiek ere SFEk ematen baditu.

Bazkide guztiek kategoria bereko zerbitzuak edukiko dituzte, eta zerbitzuok hobetzea haien kontura izango da.

25. artikulua

Bazkideak beren eskubideen jabe izango dira entitatean sartu eta hiru hilabete igaro ondoren, jaioberriena izan ezik, 10. artikuluan jasotzen den bezala. Izan ere, horixe izango da sarrera kuota edota urteko kuota ordaintzeko data.

Istripurik gertatuz gero, hiru hilabeteko gabealdiak ez du eraginik izango.

Sarrera datatik zenbatzen hasi eta urtebete igaro baino lehen gertatu bada heriotza, eta gaixotasun baten ondorioz gertatu bada, Erakundeak txosten mediko bat aurkeztea eskatu ahal izango du, heriotzaren arrazoia Erakundean sartu ostean jazo zela frogatzeko.

Gaixotasuna entitatean sartu aurretik ezagutzen bada, SFEk heriotzagatik ordaindutako zerbitzuen eta zenbatekoen itzulketa eskatu ahal izango du, eta ordaindutako kuotak itzuli egingo dira.

26. artikulua

Prestazio ekonomikoa beste gastu batzuk ordaintzeko erabiliko da: ehorzketa, loreak, prentsako eskelak edo heriotzaren ondoriozko beste gastu batzuk, hura agortu arte. Senideen kontura izanen da kontratatutako zerbitzuen gehiegizko kostua. Prestazio ekonomikoa ordaintzeko, banku-transferentzia egingo da urteko kuota helbideratuta dagoen kontura.

SFEk kontratatuta dituen ehorzketa zerbitzu guztiei uko eginez gero, zenbateko bat ordainduko da, hildakoaren Titularraren kontura, konpentsazio gisa, gehi prestazio ekonomikoa. Aurreko prestazioetako batzuei borondatez uko egiteak ez du esan nahi SFEk konpentsazio-zenbateko partzialik emango dionik, eta konpromisorik gabe geratuko da.

Uko egitearen eta prestazio ekonomikoaren konpentsazioaren zenbatekoa urtero onetsiko du Batzar Orokorrak.

PRESTAZIOEN IZAERA

27. artikulua

Entitateak ematen dituen prestazioak bateragarriak eta erabat independenteak dira bere bazkideei aseguru pribatuekin lehia edo bikoiztasun bidez dagozkien onurekin. Kasu horretan, hileta-zerbitzuari eta prestazio ekonomikoari uko egitearen konpentsazio gisa urtero finkatutako zenbatekoak ordainduko ditu SFEk.

28. artikulua

Erakundeak ez du banatuko bazkideen artean dibidendurik edo entregarik baldin eta, egindako ordainketekin lotuta, bazkide horientzat espekulatzeko edo irabazteko ekintza bat ekartzen badute; izan ere, Estatutu hauetan ezarritako prestazioetarako kopuruak baino ez dira ordainduko.

Ekitaldiaren amaieran soberakinik baldin badago ez da horien banaketarik egingo, (Ogasun eta Ekonomia sailburuaren 2019ko abenduaren 26ko, Erregimen Berezia duten eta aseguru-jarduerarik egiten ez duten BGAE bereizi gabeak arautzen dituen aginduaren 8. artikuluak eskatzen dituen funtsak baino handiagoa), salbu eta entitatea likidatu eta desegiten denean, Estatutu hauen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera. Soberakinek heriotza-prestazioetarako Hornidura Teknikoak handituko dituzte.

29. artikulua

Bazkideen alde ezarritako prestazioak pertsonalak eta transferiezinak izango dira; ondorioz, ezin izango dira laga, ez osoki ez partzialki, eta ez dira berme gisa erabili ahal izango bazkideek hirugarren pertsonekin har litzaketen obligazioak betetzeko.

ERANTZUKIZUN EKONOMIKOAREN HEDADURA

30. artikulua

Bazkide Titularrek entitatearekin duten erantzukizun ekonomikoa erregelamenduz ordaindu beharreko kuoten zenbatekora mugatzen da. Eta Entitatearena, bere bazkideekin, bitarteko horren bidez eta gainerako erregelamenduetan ordaindu beharko dituen zenbatekoekin, betiere Erakundean baliabide nahikorik badago.

ZEHAPENAK

31. artikulua

Bazkide Titularren hutsegiteak hauek izango dira eta zehapen hauek ekarriko dituzte:

  1. Hutsegite arinak:
  • Estatutu hauen araberako familia-aldaketen berri ez ematea (22. Art.)
  • Gobernu Batzordearen bilera batera ez joatea bidezko arrazoirik gabe.
  • Edozein arrazoirengatik urteko kuota ordaintzen atzeratzea.
  • SFEri datu okerrak ematea.
  1. Hutsegite larriak:
  • Behin eta berriz egindako hutsegite arinak.
  • SFEren jarduerak nahita oztopatzea.
  • Gobernu Batzordeko kideekiko edo SFEko langileekiko errespeturik ez izatea.
  • Batzar Nagusian baimenik gabe esku hartzea.
  • Gobernu Batzordeko kide gisa behar den laguntza ez ematea.
  1. Hutsegite oso larriak:
  • Behin eta berriz hutsegite larri bat egitea.
  • Aitorpenak faltsutzea edo SFEren aurrean datu okerrak aurkeztea.
  • SFEren interesak asmo txarrez kaltetzea.
  • Urteko kuota ez ordaintzea. 17. artikuluaren arabera zehatuko da.
  • Gobernu Batzordeko kide izateari behin eta berriz eta arrazoirik gabe uko egitea.

Aurreko hutsegiteak eta Estatutu hauetako beste edozein ez-betetze Gobernu Batzordeak zehatuko ditu, larritasunarekiko proportzionalak izango dira, eta isunak, eskubideak aldi baterako kentzea edo Erakundetik behin betiko kentzea izan daitezke, egin dituzten erantzukizunak eskatzeko eta bete gabe dituzten betebeharrak betetzeko aukera alde batera utzi gabe.

Zehapenak larritasunaren arabera sailkatzen dira:

  1. Hutsegite arinagatiko zehapena:
  • Ohartarazpen pribatua: zehatuari ahoz edo idatziz jakinaraztea.
  • Bazkide bakoitzak urtebetera arteko kuota-zigorra.
  1. Zehapena hutsegite larriagatik:
  • Ohartarazpen publikoa Batzarraren aurrean.
  • 400 €-tik 600 €-ra bitarteko zehapen ekonomikoa, hutsegiteen errepikatze-mailaren arabera.
  • Gobernu Batzordean karguak betetzeko aldi baterako desgaitzea, 1 urtetik 6 urtera.
  1. Zehapena, hutsegite oso larriagatik:
  • 600 €-tik 2.000 €-ra bitarteko zehapen ekonomikoa.
  • Gobernu Batzordean karguak betetzeko desgaikuntza iraunkorra.
  • Erakundetik kanporatzea.

32. artikulua

Gobernu Batzordeak Bazkide Titular bat eta haren familia taldea kanporatzea erabaki ahal izango du, kuoten urte bateko ordainketa-atzerapena badauka.

ZEHAPENAK EZARTZEKO PROZEDURA

33. artikulua

Gobernu Batzordearen eskumena da zehapenak ezartzea. Zigortutako pertsonak hogeita hamar eguneko epea izango du errekurtsoa aurkezteko, Batzarrari berari zuzendutako idazki baten bidez. Azken batean, Batzarrak ebatziko du.

34. artikulua

Ezarritako zehapena berresten duten Gobernu Batzordearen ebazpenen aurka ez da errekurtsorik jarriko Gobernu Batzarrean bertan.

Hala ere, Bazkide Titularrei eskubidea aitortzen zaie Batzar Nagusian errekurtsoa jartzeko, bai eta Batzar Orokorrak hartutako erabakien aurka ere, Eusko Jaurlaritzan Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetan eskumena duen Sailaren aurrean, erakundearen antolaketari eta funtzionamenduari buruzko gaietan. Hori guztia, Justizia Epaitegi eta Auzitegiei emandako eskumenaren kalterik gabe.

GOBERNU ARAUAK

35. artikulua

Batzar Nagusia Erakundearen borondate sozialaren organo gorena da, Bazkide Titularrek (edo haien ordezkariek) zuzenean osatua, Estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.

Batzar Nagusira boto eskubidearekin joateko ezinbesteko baldintza izanen da Bazkide Titularra izatea eta betebehar sozialak egunean izatea.

Batzar Nagusia bilkura arruntean edo berezian biltzen ahalko da

36. artikulua

Lehendakaritza, lehendakariordetza, idazkaritza, diruzaintza eta sei kidek osatutako Gobernu Batzordeak administratu eta ordezkatuko du Entitatea.

Gobernu Batzordearen eskumenak dira:

  1. Erakundeko Administrazioa, hau da, behar bezala jarduteko eta erregimena ezartzeko behar diren neurriak hartzea, Dauden funtsak prestazioei aurre egiteko nahikoak ez badira, Gobernu Batzordeak Batzar Nagusiari proposatu ahal izango dio prestazioak murriztea edo bazkideek egin beharreko ekarpenak gehitzea.
  2. Bazkideak onartu, behin betiko banandu eta berriz onartzea eta zehapenak ezartzea, beti ere Estatutu hauetan finkatutako arauei jarraikiz.
  3. Erakundearen martxa onerako beharrezkotzat jotzen dituen kanpoko zerbitzuak kontratatzea.

37. artikulua

Urteko Ohiko Batzar Orokorrak onetsiko du Gobernu Batzordearen osaera, Gobernu Batzordeak berak proposatuta.

38. artikulua

Gobernu Batzordea urtero berrituko da, eta kideen erdiei eragingo die urtero.

Lehenbiziko hautaketan, lehendakariak, diruzainak eta hiru kidek utziko dute kargua, eta gainerakoak hurrengo hautapenean. Hurrenkera hori hurrengo hauteskundeetan errepikatuko da.

Karguan bi urtez egon beharko da, eta Gobernu Batzordeak eskatuta, Batzar Nagusiak onartutakoan eta interesatuen onespenarekin berriro hautatu ahal izango dira.

39. artikulua

Gobernu Batzordean karguak betetzeko ezinbesteko baldintza izango da Entitateko Bazkide Titularra izatea, adinez nagusia izatea eta betebehar sozialak egunean izatea.

40. artikulua

Gobernu Batzordearen izendapenak eta osaera Eusko Jaurlaritzako Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroari jakinaraziko zaizkio.

41. artikulua

Zuzendaritza-postuak betetzen dituzten bazkide titularrek ezin izango dute inolako ordainsaririk jaso haien kudeaketagatik, baina erakundean zerbitzu teknikoren edo profesionalen bat modu iraunkorrean ematen dutenek izango dute ordainsaria jasotzeko eskubidea.

42. artikulua

Gobernu Batzordea bi hilean behin bilduko da, gutxienez, ohiko gaiak aztertzeko, eta Lehendakariak bilera berezirako deia egin dezake, egoki irizten dionean.

Gobernu Batzordea balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen erdiak gehi bat bertan egotea.

43. artikulua

Gobernu Batzordearen ebazpenak botoen gehiengoz hartuko dira, eta Lehendakariak kalitatezko botoa izango du berdinketak erabakitzeko.

Eztabaida eta prozeduretan, Lehendakariak zehazten duen ordena eta sistema erabiliko dira.

GOBERNU BATZORDEKO IZENDAPENEI DAGOZKIEN ESKUMENAK

LEHENDAKARITZARENAK

44. artikulua

Lehendakaritzaren eskurantzak izanen dira Gobernu Batzordearen eta Batzar Nagusien bileretako eztabaidak zuzentzea, Gobernu Batzordearen bilerak deitzea eta premiazko kasuetan behar diren neurriak hartzea.

Entitatea hirugarrenen aurrean ordezkatzea.

LEHENDAKARIORDETZARENAK

45. artikulua

Lehendakaritza ordezkatuko du hura ez dagoenean. Halaber, SFEk eskainitako edo azpikontratatutako hileta-zerbitzuak behar bezala ematen direla gainbegiratzeko ardura izango du.

DIRUZAINTZARENAK

46. artikulua

Entitatearen funtsak zaindu eta erregelamenduzko ordainketak egingo ditu; Gobernu Batzordearen hileko bileren kontuak eta Ekitaldikoak prestatuko ditu, Balantzearekin batera, Ohiko Batzar Orokorrerako.

Urteko kuoten kobrantza kudeatuko du eta ordaindu gabeko kuoten kobrantzaz arduratuko da.

IDAZKARITZARENAK

47. artikulua

Idazkaritzaren eginkizunak honako hauek dira: Gobernu Batzordearen eta Batzar Nagusien bileretako aktak idaztea; bilkuretako gai-zerrenda xedatzea; bulegoko langileek tramitatu beharreko bazkideen altak eta bajak berrestea; ekitaldi bakoitzeko memoria idaztea eta, Lehendakaritzarekin batera, hartzen diren erabakiak betetzea.

Lehendakaritzarekin batera, Eusko Jaurlaritzara eta beharrezkoa duten erakunde ofizialetara bidali beharreko dokumentazio ofiziala prestatu eta sinatzea.

Gobernu Batzordearen bileretarako deia egitea.

KIDEENAK

48. artikulua

Gobernu Batzordeak agintzen dizkien eginkizunak beteko dituzte.

SFE-REN BULEGOARENAK ETA HAREN LANGILERIARENAK

49. artikulua

SFEk bulego ordutegia duen lokal bat eta langileria izango ditu bazkideen beharrei erantzuteko. Langileriak eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:

  • Elkartekideen kontsultei erantzungo die, bai eta elkartekide izan daitezkeenak erakartzeko erabil daitezkeenei ere, horretarako ezarritako komunikazio-bideen bidez.
  • Elkartekideen leialtasuna bilatuko du, jendearentzako arretaren bikaintasunaren bidez eta zerbitzuaren balorazioa sustatuz, bai bulegoan bai hileta-zerbitzuetan.
  • Bazkide izateko hautagaien datuak bete eta informatizatu egingo ditu, Idazkaritzak edo Gobernu Batzordeak alta eman duela berretsi arte.
  • Elkartekideen baja izapidetuko du, Idazkaritzaren jarraibideen arabera.
  • Elkartekideen datu-basean eguneratu egingo ditu hala eskatzen duten datuak.
  • Bere eginkizunei dagozkien gaiak Gobernu Batzordeko gainerako kideei jakinaraziko dizkie.
  • Dagokion neurrian eta Lehendakariordetzak gainbegiratuta, SFEk eskainitako hileta-zerbitzuak eta/edo azpikontratatutakoak behar bezala ematea kudeatuko du.

Eta Gobernu Batzordearen iritziz esleitzen zaizkion eginkizun guztiak.

GOBERNU BATZORDEA OSATZEN DUTEN PERTSONEN ERANTZUKIZUN SOZIALA

50. artikulua

Batzar Nagusiak eskumena izango du Gobernu Batzordea osatzen duten pertsonei erantzukizunak eskatzeko, haien kudeaketagatik, eta, hala badagokio, bidezko diren zehapenak zehazteko. Horiek ordezkatzera irits daiteke.

BATZAR OROKORRAK

51. artikulua

Erakunde honek urte bakoitzaren lehen lau hilabeteen barruan egingo du Ohiko Batzar Orokorra. Gobernu Batzordeak Batzar Orokorra egin baino hamar egun lehenago gutxienez egingo du deialdia, titularrei jakinarazita. Titular bakoitzaren ordez, haren Titularkidea edo hemezortzi urtetik gorako Onuradun bat bertaratu ahal izango da.

Bilkura egin ahal izateko, lehen deialdian Bazkide Titularren edo ordezkatuen erdiak gehi batek parte hartu beharko du; bigarren deialdian –hogeita hamar minutu geroago–, bilkura egin ahal izango da, bertaratuen kopurua edozein dela ere.

Batzar Orokorretarako deialdiak, gai zerrenda barne, Erakundearen webgunean argitaratuko dira, baita Arrasaten eskelak jarri ohi diren lekuetan ere, eta herriko komunikabideen bidez eta posta elektronikoz, helbide elektronikoa SFEri eman diotenei, informazioa zabalduko da.

Halaber, hartutako erabakien aktak Entitatearen web orrian argitaratuko dira hilabeteko epean, bazkide guztiek jakin dezaten.

52. artikulua

Batzar Nagusiak ahalmen hauek izango ditu:

  1. Gobernu Batzordeko kideen erdiak urtero hautatzea.
  2. Gobernu Batzordearen jarduna ezagutzea eta, bidezkoa bada, memoriak, aurrekontuak eta SFEren balantzea aztertu eta onestea.
  3. Urteko kuoten eta sartzeko kuoten zenbatekoa onestea, baita honako hauek ere:
  • Uko egitearen konpentsazio-zenbatekoa.
  • Atzerrian hiltzeagatik konpentsa daitekeen muga.
  • Familiarentzako gehienezko prestazio ekonomikoa.
  • Tanatoriorako gehienezko zenbatekoa.
  • Errausketarako gehienezko zenbatekoa.
  1. Kanpoko erakunde ikuskatzaile bati Urteko Kontu Auditoriaren kontratazioa onartzea.
  2. Bazkideek aurkeztutako errekurtsoak ebaztea.
  3. Estatutuak aldatzea.
  4. Entitatearen bat-egitea, zatiketa, federazioa eta desegitea erabakitzea

Hona hemen Ohiko Batzar Orokorreko gai zerrendan jaso beharko diren gaiak:

  1. Bi pertsona izendatzea, lehendakariarekin eta idazkariarekin batera, Batzar Orokorreko akta onartzeko.
  2. Ekitaldiaren memoria, amaitutako ekitaldiko kontuen balantzea eta hurrengo urterako aurrekontua aztertu eta onartzea.
  3. Urteko kuoten eta sartzeko kuoten definizioa.
  4. Konpentsazio-zenbatekoen, prestazio ekonomikoaren eta prestazio bakoitzeko gehieneko zenbatekoen definizioa.
  5. Kanpoko erakunde auditorea kontratatzea.
  6. Gobernu Batzordeko karguak berritzea.
  7. Bere eskumeneko beste edozein gai.
  8. Galderak eta eskaerak.

53. artikulua

Gizarte aurreikuspeneko erakundeen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailak erabakitako eredu eta jarraibideetara egokituko dira bai balantzea bai sarreren nahiz gastuen aurrekontua.

54. artikulua

Gobernu Batzordeak, egoki irizten badio, Ezohiko Batzar Orokorrerako deialdia egin ahal izango du, Batzordeak berak eskatuta edo Titularren %20k eskatuta.

Ezohiko Batzar Orokorretan, Batzarra egitea eragin duten gaiak baino ezin izango dira aztertu. Dagokion deialdian jakinaraziko da gai horiek zein diren.

55. artikulua

Batzar Orokor guztietan, erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko dira, Estatutu hauetan zehaztutakoak izan ezik.

Hala ere, Estatutuak onartu eta aldatzeko, eta baita Erakundea fusionatu, federatu eta desegiteko ere, gai horiek aztertuko diren Batzar Orokorretara bertaratutako BazkideTitularren edo haien ordezkarien 2/3en gehiengoa beharko da.

56. artikulua

Batzar Nagusien bileretarako deia egingo da, bileraren eguna, ordua eta tokia adieraziz, eta gai-zerrenda zehaztuko da.

57. artikulua

Ohiko Batzar Orokorra egin eta hurrengo hilabetean zehar, Erakundeak honako hauek bidaliko ditu Eusko Jaurlaritzako Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistrora: Batzarraren akta, Gobernu Batzordekideen zerrenda, aurreko ekitaldiaren balantzea eta memoria, eta uneko urterako aurrekontua ere, Ohiko Batzar Orokorrean onetsia.

ARAUBIDE EKONOMIKO ETA ADMINISTRATIBOA

58. artikulua

Erakundearen ondare soziala baliabide hauekin hornituko da:

  1. Bazkideen kuoten zenbatekoa. Entitateak gutxienez 50.000,00 (berrogeita hamar mila) euroko mutua-fondoa izanen du.
  2. Elkartutako babesleek egin ditzaketen ekarpenak.
  3. Dohaintzak, legatuak edo legez lortutako beste edozein diru-sarrera.
  4. Entitatearen funtsen interesak.

59. artikulua

Funts sozialaren inbertsioa indarra duen araudian eta Gobernu Batzordeak onetsitako indarreko inbertsio planean ezarritakoari hertsiki loturik egingo da.

ADMINISTRAZIO GASTUAK

60. artikulua

Bazkide bakoitzak ordaindu beharreko urteko kuota Batzar Orokorrak erabakiko du, Gobernu Batzordeak proposatuta.

Batzar Orokorrak baimena ematen du Gobernu Batzordeak prestazioak murrizteko eta/edo kuoten derramak onartzeko, hala behar izanez gero, erakundearen kaudimenerako beharrezko diren hornidura teknikoak eta funtsak estaltzeko.

ADMINISTRAZIO GASTUAK

61. artikulua

Ekitaldi bakoitzeko administrazio gastuak ez dira inoiz aurreko ekitaldian bildutako kuoten% 15 baino gehiago izango.

KONTABILITATEA

62. artikulua

Erakundearen kontabilitatea argia eta zehatza izango da, edozein unetan benetako egoera ekonomikoa zein den jakin ahal izateko, eta ziklo ekonomikoa urte naturalari egokituko zaio.

Kontabilitate liburuak, berez, merkataritzako kodeak eskatzen dituenak izango dira, indarrean dauden arauen araberakoak.

Bazkide Titularrek edozein unetan eskatu ahal izango dute Erakundearen finantza egoerari buruzko informazioa; horretarako, eskaeraren arrazoia justifikatuko duen idazki bat aurkeztu beharko dute.

Gobernu Batzordeak eskatu zaion informazioa eman beharko du derrigorrez, Erakundearen interesak arrisku larrian daudenean izan ezik.

ARAUDIA ALDATZEA

63. artikulua

Estatutu hauek aldatu egin daitezke Batzar Orokorrak hala erabakiz gero.

ERAKUNDEA DESEGITEA ETA LIKIDATZEA

64. artikulua

Hona hemen SFEa desegiteko arrazoiak:

  • Erakundeko bazkideen kopurua jaitsi dela-eta Erakundearen jarduna bideraezin bihurtzea.
  • Beste erakunde batekin bat egitea.
  • Erabateko zatiketa.
  • Ezohiko Batzar Orokorrak hala erabakita.
  • Indarreko legedian xedatzen diren beste arrazoi batzuk direla eta.
  • Erakundearen xede soziala amaitzea, edo xede hori burutzea nabarmenki ezinezkoa izatea, edo Erakundearen Estatutuetan jasotako beste kasuren bat gertatzea.
  • Bi ekitalditan jarraian, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen jarduera, arrazoi justifikatu barik, gelditu edo etetea.

65. artikulua

Erakundea deseginez gero, behin eragindako prestazioei erantzunda eta banatzeko moduko erreserbak bazkideen artean banatuta, geratzen diren soberakinak eta gainerako ondasun eta tresnak eskualdeko ongintza zentro bati emango zaizkio.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako tramite eta erregistroak zintzoki beteko dira; gainera, Eusko Jaurlaritzan Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen erantzukizuna duen Sailari adierazi beharko zaio zein likidatzaile izendatu diren eta horien inguruko zirkunstantziak zein diren.

Fitxategia